KOLABORATZEA

09Euskal udalen ahotsa Europan

EUDELek Europan duen ordezkaritza instituzionalari dagokionez, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluan (CMRE) parte hartzea nabarmendu behar da. Tokiko eta eskualdeko gobernuen Europako elkarte zaharrena da hori, eta Europako berrogei herrialdetako 60 elkarte biltzen ditu. EUDEL Europako Toki eta Eskualde Botereen Biltzarreko (CPLRE) kide ere bada. Europako Kontseiluaren organo aholku-emailea da hori, eta Tokiko Autonomiaren Europako Gutuna aldianaldian ebaluatzea du bere eginkizunen artean.

EUDEL Europako hainbat topaketaren egoitza eta antolatzailea izan da, honako hauek besteak beste:

  • CMREren bilerak: Zuzendaritza Batzordea (1998/04/23-24 eta 2018/06/11) eta Idazkari Nagusiak (2002/01/31 eta 02/1 eta hurrengoa 2022/04/5-6)
  • Hirien arteko senidetzea (1999), EUDELen eta Europako Batzordearen arteko zuzeneko lanaren emaitza.
  • Europako Gobernantzaren Liburu Zuria (2002), CMRErekin batera.
  • Bilboko Dekalogoa, 2005ean onartu zena Bizkaiko hiriburuan egindako bilera batean. Tokiko gobernuen estrategiak zehazten ditu eta Tunisiako Informazioaren Gizarteari buruzko Udal Goi-bileran aurkeztu zen.
  • Emakumeek eta Gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten berdintasunerako Europako Gutuna sortzen eta bultzatzen parte hartzea (2006).
  • EISCO Biltzarra, eGobernu-politikei eta Informazioaren Gizartearen tokiko garapenari buruzkoa (2010).
  • CEMSDI-AIL Europako gaikuntza-programa. Programa horretan, Europako beste hamaika bazkiderekin batera, toki-administrazioen berrikuntza-gaitasunak sustatzeko lan egiten du EUDELek. EAEko 73 udalerrik hartu zuten parte gaikuntza-programa pilotuan.
  • 2018an Bilbon egindako “CMRE: berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa” udalerrien eta eskualdeen konferentzia antolatzea.
10Berdintasunaren aldeko apustua: Berdinsarea

2005eko martxoaren 8an, Emakunde- Emakumearen Euskal Erakundearekin hitzarmena sinatu zen emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako euskal udalerrien sarea bultzatzeko, Berdinsarea izenekoa. 2006tik aurrera, beren borondatez atxikitzen joan dira banaka edo taldeka baldintza jakin batzuk betetzen dituzten udalerriak (berdintasunteknikaria, plana, aurrekontuak eta emakumeek parte hartzeko gunea). Gaur egun, 79 udalerri daude (EAEko biztanleen % 80 ordezkatzen dutenak) Berdinsarearen barruan.

Urte hauetan zehar, sare horrek, ereduzko dokumentuak prestatzeaz gain (berdintasunari buruzko ordenantzak, adierazpen instituzionalak, etab.) eta tokian tokiko jarduerarako irizpide komunak ezartzeaz gain, ekimen ugari garatu ditu. Bere lanmetodologia aintzatetsi egin da Europan (CMREren Berdintasun Gutunaren Behatokia), arduradun publikoen, hautetsien eta teknikarien etengabeko lankidetza eskatzen baitu, bai ekintzak diseinatzeko bai gauzatzeko Hona hemen adibide nabarmen batzuk: Mainstreaming eta Indarkeria matxistaren batzordeak; edo Berdintruke, hausnarketarako eta udal-esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko gune iraunkorra.

Era berean, Emakunderekin eta foru-aldundiekin sinatutako hitzarmenen bidez, Berdinbidean programa sortzen parte hartu du 2006an. Udalerri txikietan berdintasun-politikak bultzatzen ditu programa horrek.

11Indarkeria matxistaren aurkako borroka

2004. urtean onartu zituen EUDELek azaroaren 25eko Adierazpen Instituzionala eta Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta egindako Adierazpena. Harrezkero, EUDELek adierazpen instituzionalerako proposamen bat onartzen du urtero, eta udalei bidaltzen die, dagokien erabakia har dezaten.

2006. urtean EUDELek eta Emakundek ‘Emakumeen aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna’ izeneko lehenengo kanpaina bultzatu zuten, azaroaren 25ean. EUDELen ekimen propio gisa, kanpaina horren barruan “Puntu lila” izeneko logotipoa sortu zen; hori euskal gizartearen ikur eta erreferente bihurtu da indarkeria matxistaren gaitzespena adierazteko.

Jarraipen gisa, erakundeek indarkeria matxista desagerrarazten lagundu behar dutela jakinda, EUDELek Beldur Barik Programa sortu zuen 2009an, nerabeak eta gazteak indarkeria horren inguruan sentsibilizatzeko eta prebentzio lana egiteko. Gaur egun, erreferentziazko programa da gazteen artean. Euskal udalerri gehiagotara zabaltzen jarraitzen du, udalen parte-hartze aktiboari esker. Gaur egun, Emakundek antolatzen du, Berdinsarea- EUDEL eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien bultzadarekin batera. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta EITBren laguntza du.

Bestalde, elkarteak eraso eta hilketa matxisten kasuetan udalek jarduteko protokoloa prestatu eta zabaltzen du udalen artean, kasu horietan Udalaren jardunaren erreferentzia izan dadin.

2015etik, Berdinsarea aitzindaria da tokion tokiko jarduketen irizpideak eta jarraibideak garatzen, indarkeria matxistaren biktimen erreparazioaren printzipioa ezar dadin, Istanbulgo 2019az geroztik, EUDEL gainerako erakundeekin elkarlanean ari da genero-indarkeriaren biktima egoera egiaztatzeko prozedurak definitzen, bai eta genero-indarkeriaren aurkako estatu-itunetik datorren finantzaketa udalen artean banatzeko irizpideak ezartzen ere.

12“BASQUESKOLA”, emakume hautetsien arteko aliantza

Virginia Woolf BASQUESKOLA Euskadiko udaletako emakume hautetsiek zuzentzen eta kudeatzen duten “berezko espazioa” da. 2012an sortu zen, euskal emakume alkateek eta zinegotziek berek eskatuta, eta EUDELen eta Emakunderen bultzada eta laguntza izan du. Emakume hautetsien talde eragile baten (Basqueskola sarea) eta hainbat lan-batzorderen bidez funtzionatzen du, eta Tokiko errealitate eta sentsibilitate desberdinetako emakumeek parte hartzen dute batzorde horietan. BASQUESKOLA ikasteko eta esperientziak elkarrekin trukatzeko gunea da, emakume hautetsiak ahalduntzera bideratutakoa. Udaletan emakumeen arteko aliantzek aukera ematen diete oztopo komunei aurre egiteko eta elkarri laguntzeko, eragina handitu ahal izateko. Azken helburua politika publikoetan aurrerapausoak ematea da emakumeek tokiko politikan duten lidergoari dagokionez, berdintasuna zeharkako ardatz gisa hartuta, gizarte osoarentzako onura bihurtzea, udalerri askeagoak eta berdintasunezkoagoak izan daitezen.

Ibilbide horrekin batera eta modu “partekatuan”, 2017an, EUDEL eta Gizonduz (Emakunde) gizonezko alkate-talde batekin lanean hasi ziren “Berdintasunaren aldeko hautetsiak” ekimena taxutzeko, hau da, berdintasunaren agendaren aurrerapenean politikari gizonezkoen inplikazioa sustatuko duen taldea.

13Udalsarea, Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea

2000eko ekainaren 19an, EUDELek lehen lankidetza-akordioa sinatu zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailarekin, 2004 arte berritu eta luzatu zena, ingurumen-kudeaketaren arloan udal-jarduerak sustatzeko eta Agenda 21 ezartzeko EAEn.

2000an, udal-lantalde bat sortu zen, udaleremuan Tokiko Agenda 21 eraginkortasunez ezartzeko tresnak garatzeko. Udalen talde horretan Amurrio, Azkoitia, Azpeitia, Basauri, Legazpi, Erandio, Laudio, Santurtzi eta Zarautz zeuden, eta EUDELek eta IHOBEk udalerrietan Agenda 21 ezartzeko lan egiteko antolatu zuten lehen Udaltaldea izan zen.

Udaltalde hori eta udal-politiketan jasangarritasunari buruzko eskuliburuetan egindako lana izan ziren Udaltalde21 Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea sortzeko oinarria, IHOBEren idazkaritza teknikoaren pean.

14Gardentasuna eta parte-hartzea

2013. urtean Gardentasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarea eratzeak tokierakundeen gardentasuna bultzatzeko balio izan zuen.

Udal-gardentasuna kudeatzeko Gida egin zen, eta, aldez aurretik, herritarrek parte hartzeko prozesuen Gida espezifiko bat udalentzat. Ondoren, bigarren liburuki bat egin zen, parte-hartzean IKTak erabiltzeari buruzkoa.

Aldi berean, EUDELek lan egin zuen ETELek honako kontzeptu hauek txerta zitzan, besteak beste: gobernu irekia, gardentasuna, partehartzea eta kontu-ematea.



15Herri arrantzaleak eta landako herriak: Udalarrantz eta Infoudala

Lehen sektoreari laguntzeko, 2005ean, Udalarrantz-Euskadiko Herri Arrantzaleen Sarea eratu zen, arrantza-ustiapena duen itsasertzari lotutako tokiko ekintzan lan egiteko. 2011 arte, ekimen horrek Arrantza Azokak sustatzeko, dinamizatzeko eta bertan parte hartzeko ekintzak egin zituen, bai eta ondareari eta itsas eta arrantza-turismoari lotutako ekintzak ere, hori guztia AZTIren laguntza teknikoarekin.

Handik urtebetera, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak, Menekorekin eta Mendikoirekin batera, zerbitzu-atari espezifiko bat sortzea erabaki zuten, Infoudala, landa-eremuko udalentzat. 2011n, EUDELek bere gain hartu zituen zerbitzuaren kudeaketa eta finantzaketa, eta, une horretatik aurrera, plataforma EUDELen web atarian garatzeaz arduratu zen, newsletterra sortu zuen eguneroko alerta-sistema gisa, eta udalei informazio guztia eskuratzeko aukera eman zien (txikienei lehentasuna emanez).

16Ogasuna eta Tokiko Finantzak

Kalitatezko udal-zerbitzuak emateko, behar adinako finantzaketarekin bermatu behar dira. Printzipio horrek gidatu du EUDELen jarduera, eta, alde batetik, udalaren beraren diru-sarrerei buruzko erabakiak hartzea erraztu du, eta, bestetik, beste erakunde batzuetatik datozen funtsak direnean, finantza-nahikotasunaren eta baldintzarik ezaren (autonomia) irizpidea defendatu du.

Lehenengo jarduera-eremuaren barruan, honako hauek azpimarra daitezke: jabari publikoa okupatzeagatiko tasak energia-banatzaileekin kudeatzeko hitzarmenak, euroa ezartzeko kanpainan parte hartzea, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) salbuesteagatik udalei finantza-konpentsazioa ematea, EUDELek Bizkaiko eta Gipuzkoako katastro-berrikuspenei egindako ekarpenak, tokiko zergen harmonizazioan parte hartzea (hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga, esaterako) edo, barne kontrolaren ermuan, Organo Kintuhartzailealk bere lanean impmenta ditzakeen dokumentu-ereduak egokitzeko Betekizunen Gida egitea, kontroleko gutxieneko estandar batzuk finkatzeko.

Bigarren jarduera-eremuan, 2007ko Ekarpenen Legean jasotako proposamena nabarmendu behar da. Haren arabera, hiru erakunde-mailen arteko akordiorik ezean, udalek ez lukete proiektu handiak finantzatzen lagundu behar. Beste ekimen adierazgarri batzuk honako hauek izan dira: baldintzarik gabeko finantzaketari buruzko arau orokorra ETELen sartzea, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan hartutako erabakiak edo beharrezko azterketa egiteko orduan nahiz Ekarpenen 4/2021 Legean bertan egindako lana.

17Hezkuntza: Haurreskolak Partzuergoa

2003an, EUDELek aktiboki parte hartu zuen Haurreskolak Partzuergoa sortzeko, bai eta garai hartan zeuden udal-haurtzaindegiak elkarte horretan integratzeko ere. 2021ean 171 udal daude Partzuergoaren barruan. Udal horiek, Hezkuntza Sailarekin sinatutako protokoloaren arabera, zerbitzua emango den instalazioen mantentze-, kontserbazio-, garbiketa- eta zaintza-lanak soilik egiteko konpromisoa hartu zuten, lehen hezkuntzan eta hezkuntza berezian gertatzen den bezala.

18Udaltzaingoak modernizatzea

2010ean sinatu zen eta aldian behin berritzen da EUDELen eta Segurtasun Sailaren arteko hitzarmena, eta lankidetza-esparru egonkorra bermatzen du udaltzaingoen koordinazioaren arloan. Akordio horren ondorioz, udaltzaingoen modernizazioa bultzatu da, lantaldeen hainbat ekimeni esker.

2018az geroztik, EUDELek, Segurtasun Sailarekin eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin batera, udaltzainen oinarrizko eskalarako hautaketa-prozesu bateratuak jarri ditu martxan. Horrela, baliabideak optimizatu eta prozesuak arrazionalizatu dira, hori guztia udal-autonomiaren esparruan. Alde horretatik, EUDELi dagokio epaimahaiko kideak izendatzea.

Orain arte, 700 udaltzain plaza baino gehiago deitu dira, eta 45 udalek baino gehiagok hartu dute parte. Azken prozesuetan, deialdiak batera egin dira Euskal Polizia guztientzat, bai Ertzaintzarentzat bai Udaltzaingoentzat. Prozesu horiek EAEko udal guztientzat irekita daude, biztanle gutxi dituztenak ere sartu baitira, eta udaltzaingorik izan gabe badute zerbitzu hori.

Era berean, EUDELek parte hartu du premia larriei erantzuteko bitarteko agenteen lanpoltsetan, bai eta polizia-laguntzaileen lanpoltsetan ere, eta, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta interesa duten udalen artean lankidetza-hitzarmenak sinatzea bultzatu du.

19Etxegabetzeei eta komunitatearentzat lan egiteko zigorrei buruzko hitzarmenak

Euskadiko Udalen Elkarteak parte hartu zuen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin 2013an sinatutako lankidetza-akordioan. Akordio horren bidez, alerta-sistema bat eta jarduera-protokolo bat ezarri ziren, epaitegiek eta auzitegiek udalei emateko egoera ahulean dauden pertsonei eragin diezaieketen ohiko etxebizitzatik botatzeko (hipoteka-betearazpenak eta alokairuko etxegabetzeak) prozesuen berri. Akordio horren ordez, erakunde berek beste akordio bat sinatu zuten 2019an, Prozedura Zibilari buruzko Legea aldatu zenean.

Justiziarekin lotutako lan-ildo horretan sartu dira Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen artean 2007an, 2010ean eta 2022an sinatutako hitzarmenak, adingabeek eta helduek komunitatearentzat lan egiteko zigorrak eta lan-prestazioak betetzeari buruzkoak.

20Europako funtsak biltzeko eta justifikatzeko laguntza

2002tik 2008ra bitartean, EUDELek bere gain hartu zuen, kudeatzeko gomendioaren bidez, EQUAL ekimen komunitarioaren finantzakontrola. Horren bidez 16 proiektu pilotu garatu ziren. Proiektu horietan euskal udalek parte hartu zuten eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu zituen.

2021ean, Euskadiko udalak Estatuko Berreskuratze eta Erresilientzia Planean eta Euskadi Next programan sartzeko, EUDEL Next EU! zerbitzua sortu eta kudeatzen du EUDELek. Zerbitzu hori bi ekintza-ildotan banatzen da: (Aukerak) dirulaguntzei buruzko informazioa eta (Prest) administrazio- eta kontratazioprozeduretarako laguntza-dokumentuak. Zerbitzu bikoitza, helburu bikoitz baterako: udalei prest egoten laguntzea eta aukera guztiak aprobetxatzea udalerrietatik, behetik gora, eraldaketa bultzatzeko, pertsonak erdigunean direla.