EUDELEN IBILBIDEA

Sorrera eta instituzionalizazioa

Urte hauetan zehar, arian-arian lortzen joan dira aitorpen eta instituzionalizazio hori, egindako lanari esker, eta Euskadiko Toki Erakundeen Legean finkatu dira behin betiko. Horretan lagundu du, halaber, EUDELen pluraltasuna burura eramateak

Duela 40 urte, 1982ko maiatzaren 8an, sortu zen EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea, eta halaxe amaitu zen aurreko urteko azaroaren 5ean Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait alkatek Zuiako Udalean egin zuten bileran hasitako prozesua.

Hasiera batean 144 udal bazkide atxiki zitzaizkion proiektu hari, eta Iñaki Oregi Zuiako alkatearen esku utzi zuten EUDELeko lehen elkarteburua izateko lan zail baina zirraragarria. Dena zegoen egiteko, baina lehen harria jarria zegoen behintzat Elkartea udalen ordezkari gisa aitortu eta instituzionalizatzeko, toki-autonomia defendatzeko helburuarekin, orduan bere Estatutuetan esaten zen bezala.

Urte hauetan zehar, arian-arian lortzen joan dira aitorpen eta instituzionalizazio hori, egindako lanari esker, eta Euskadiko Toki Erakundeen Legean finkatu dira behin betiko. Horretan lagundu du, halaber, EUDELen pluraltasuna burura eramateak. Elgoibarren 2016. urtean egindako batzarrean, estatutuak aldatzeko erabakia aho batez hartu ondoren, konpromisoa hartu zen Elkartearen zuzendaritza-organoetan parte har zezaten EAEko udal-gobernuetan ordezkatutako sentsibilitate politiko guztiek.

40 urte hauetan, EUDELen instituzionalizazioak dimentsio handia izan da Europan, EUDELek izendatutako ordezkariek parte hartu baitute Europako Toki eta Eskualde Botereen Biltzarrean (CPLRE) eta Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluan (CMRE), Tokiko Autonomiaren Europako Gutuna garatzen lagunduz eta Europako Kontseiluak babestutako europar proiektuetan parte hartuz.

Bestalde, foru-aldundiekin sinatutako akordioari esker, EUDELek baldintzarik gabeko finantzaketa jasotzen du, hau da, Udal Finantzaketarako Foru Funtsen % 0,15, eta horrek finantzaegonkortasuna eman dio Elkarteari. Gainera, independentzia-irizpidea indartu egin da gainerako erakundeen aurrean tokiko autonomia defendatzeko erabakiak hartzeko orduan.

40 urte, 40 mugarri

Ez da lan erraza EUDELen barruan 40 urtean egindako lana eta jarduerak laburbiltzea. Hori dela eta, pentsatu dugu 40 mugarri aukeratzea dela lan hori ezagutzera emateko modurik egokiena. Mugarri horietan hainbat gai bildu dira, egindako funtzioen arabera. Era berean, elkarteko udalen ibilbidearen isla dira mugarri horiek. Aski da aukeratutako 40 mugarri horiei erreparatzea denbora horretan udal-politikak zein ardatz izan dituen jakiteko, bai eta gaur egun eta etorkizun hurbilean Euskadiko udalek aurre egin behar dieten erronkak aurreratzeko ere. Ordezkatzea, kolaboratzea, koordinatzea, lankidetzan aritzea, laguntzea, akonpainatzea eta bultzatzea, horiexek dira Elkarteak denbora horretan aurrera eramandako jarduerek ardatz izan dituzten funtzioak.

Gure udal-erakundeak herritarrengandik hurbil daudenez, berehala jakin daiteke zer behar eta eskakizun dituzten, eta, ondorioz, pertsonak zaintzeko politikaren bultzatzaile nagusi bihurtu dira tokiko gobernuak

Udalek emandako lehen urratsen helburua izan zen azpiegituretan eta zerbitzuen prestazioan heredatutako defizitari berehala erantzuna ematea. Dena egiteko zegoen, baina, aldi berean, lehenengo erabakiak erantzun azkar eta desordenatua ematera mugatzeko arriskua zegoen, horrek hipotekatu egingo baitzuen udalen etorkizuna. Zorionez, berehalako erantzun horrekin batera, hirigintzaplangintzako tresnak onartu eta garatu ziren, jasangarritasunaren ikuspegitik, eta, haiei esker, zehaztu ahal izan zen zein herri- edo hirieredutan oinarritu behar ziren aurrera eraman beharreko tokiko politikak.

Lege berriak, tokiko ikuspegiarekin

Hala ere, hori bideragarri izateko, beharrezkoa da tokikoa islatzea arauen eraikuntzan, hirigintza, etxebizitza edo ingurumena bezalako arloetan, eta, berrikiago, klima-aldaketa eta trantsizio energetikoa. Hain zuzen ere, horixe izan da EUDELen eginkizunetako bat urte hauetan zehar: tokiko ikuspegia eta tokiko interesaren eta autonomiaren defentsa dagokion legerian sartzea. Esparru horretan, bereziki aipatzekoak dira hainbat legerekin loturik egindako elkarlana, hala nola Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legea, Lurzoruaren Ondare Publikoei buruzko Legea edo aurretik 1994ko Dekretua, etxebizitza babestuetarako lurzoruaren ehunekoak ezartzen zituena, Ingurumena Babesteko Legea, Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legea, edo energiaren kudeaketari eta klimari buruzko Alkateen Ituna bultzatzea edo Euskadiko Udalentzako Energia Sariak sortzea.

Gure udal-erakundeak herritarrengandik hurbil daudenez, berehala jakin daiteke zer behar eta eskakizun dituzten, eta, ondorioz, pertsonak zaintzeko politikaren bultzatzaile nagusi bihurtu dira tokiko gobernuak. Hasieran erantzun azkarra izan zena, baliabide propio mugatuekin (etxez etxeko laguntza, larrialdiko laguntza, egoitzen kudeaketa eta beste gizartepolitika batzuk) gizarte-zerbitzuen sistema autonomiko bihurtu da, eta herritarrek eska ditzaketen eskubide subjektiboak dira zerbitzu horiek. EUDELek arlo horretan egundoko lana egin du 40 urte hauetan, bai udalei begira, erreferentziazko tresna arau-emaileak emanez (ordenantzak, erregelamenduak), bai gainerako erakundeen aurrean udal horien interesak ordezkatuz, Gizarte Zerbitzuei buruzko 2008ko hirugarren Legean eta lehen mailako (udalak) eta bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuen prestazioak zehazten dituen Zorroari buruzko Dekretuan lortutako akordioan islatzen den bezala. Zerbitzu horiek garatzeko erakundeen adostasuna behar da eta indarrean dagoen Ekarpenei buruzko 4/2021 Legearen banaketaereduan txertatu da haren finantzaketa.

Eurenak ez diren eskumenak garatzea

Pertsonen beharrizanekiko hurbiltasun horrek eraginda, udalek erantzukizunak hartu dituzte beste esparru batzuetan, beste erakunde batzuen eskumenekoak direnak. EUDELek behin eta berriz eskatu du eskumena dutenek batera hartu behar dutela zerbitzu horien ardura edo, bestela, haien finantzaketa bermatu behar dutela, eta zenbait akordio lortu dira azken alderdi horretan. Esate baterako, bake-epaitegiak, lehen hezkuntzako ikastetxeetako inbertsio-gastuak, osasunzentroen mantentze-lanak, haurtzaindegiak, udal-euskaltegiak edo musika eskolak.

Beste batzuetan, gai horrek udalentzat duen garrantzia kontuan hartuta, tokiko enpleguegiturak (Behargintzak) eta tokiko enpleguplanak sortzea edo gai hori Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean udal-eskumen gisa aitortzea sustatu du EUDELek.

Berdintasuna, Bakea eta Bizikidetza

EUDELek betidanik egin du apustu irmoa berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka, eta horrek udaletan berdintasun-politikak bultzatzeko ekimen ugari ekarri ditu berekin. Horren harira, abian jarri dira Berdinsarea edo Virginia Woolf Basqueskola, emakume hautetsiak ahalduntzeko eta haien artean aliantzak sortzeko berezko espazioa. Azaroaren 25erako eta martxoaren 8rako erreferentziazko adierazpen instituzionalak egiteaz gain, horren guztiaren erakusgarri dira ereduzko dokumentuen proposamenak eta batera jarduteko irizpideak edo Beldur Barik programa.

Udalerria esparru egokia da bizikidetza eta giza eskubideen errespetua bultzatzeko eta errazteko, eta horretan lagundu du EUDELek, modu erabakigarrian gainera. Alde horretatik, honako hauek azpimarra daitezke: terrorismoaren biktimei laguntzeko sinatutako hitzarmena, demokrazia eta askatasuna defendatzeko eta euskal gizartearen aniztasuna errespetatzeko Adierazpen Zibikoa, bakea eraikitzeko Herritarren Partaidetzarako Ekimena sustatzea edo, berrienak, Memoriaren eta Bizikidetzaren arloan.

Euskara

EUDELen lehentasunetako bat da euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko duen konpromisoa. Jarduera-ildoetako bat izan da tokiko toponimiaren normalizazioarekin loturikoa, 2001ean, 2004an eta 2021ean Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmenetan gauzatu dena. Hitzarmen horien bidez, arlo horretan aholkularitza behar duten udalei laguntza teknikoa emateko zerbitzua ordaintzen du.

Beste lan-ildo bat da euskararen erabileraren udal-planak egin daitezen sustatzea, bereziki 5.000 biztanletik beherako udalerrietan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako sail eskudunarekin elkarlanean ari da EUDEL, 2010ean sinatutako hitzarmenean ezarritakoaren arabera. Lan-ildo hori osatzeko, erakunde arteko batzordeetan eta lantaldeetan parte hartzen du edo Bikain kalitate-zigilua sustatzen du udalen artean.

ereziki nabarmendu behar da EUDELek aktiboki lan egin duela Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean sar dadin euskararen erabilerari buruzko udal-eskumenen arauketa argi eta zehatza, ordura arte ez baitzegoen halakorik, bai eta euskara zerbitzueta lan-hizkuntza gisa tratatzeari begira ere.

Udalhitz hitzarmena, Elkarkidetza eta Prestakuntza-planak

Tokiko politikak ezin izango ziren garatu giza baliabide egokiak eta gaituak dituen udalerakunde indartsu baten laguntzarik gabe. Horregatik, EUDELek, sortu zenetik, uste izan du udaletako langileen lan-baldintzak arautu egin behar zirela, sindikatuekin adostutako esparru propio baten barruan. Hala, 1990ean, EUDELek eta foru-aldundiek lehen ARCEPAFE akordioa sinatu zuten udal gobernuen ordezkariekin, eta ordutik hona hamazazpi akordio sinatu dira. 2006an, EUDELek bakarka hartu zuen bere gain negoziazioa udaladministrazioaren ordezkari gisa, eta lehen UDALHITZ akordioa sinatu zen. 2008an beste hitzarmen bat sinatu zen, eta guztira 194 udal daude akordio horri atxikita. Hitzarmen horien barruan jaso zen, halaber, udal-erakundeak prestazio pasiboen sistema osagarrian (Elkarkidetza) sartzea, EUDEL hori bultzatzen ari baitzen 1989az geroztik. Horri guztiari gehitu behar zaizkio udalei zuzendutako hainbat zirkular eta gomendio, ordainsarien, kontziliazioaren eta beste eskubide sozial batzuen arloan, edo Udaltzaingoko baterako hautaketa-prozesuen kudeaketa berri eta arrakastatsua.

Kalitateko udal-zerbitzuak emateko, langile kualifikatuak behar dira, eta, beraz, ondo prestatuak. EUDELek, hasiera batean, bakarka ekin zion prestakuntza-lan horri, beste prestakuntza-eskaintza batzuetan antzemandako gabeziak osatzen saiatuz, eta arrakastaz egin zuen gainera. 2006an, beste erakunde batzuekin koordinatutako prestakuntza-eskaintza baten beharraz jabetuta, HAEErekin hitzarmen bat sinatu zen. Hitzarmen hark barne hartu zituen Urteko Zeharkako Prestakuntza Plana, Tokiko Zuzenbideari buruzko Euskal Mintegia eta Tokiko Zuzendaritza Publikoko Programa Aurreratua. Hori guztia osatzeko, kudeaketa aurreratuaren eredua, administrazio izapideen eskuliburuak eta herritarrei arreta emateko udal-zerbitzuak bultzatu ziren.

Beste lan-ildo bat da euskararen erabileraren udal-planak egin daitezen sustatzea, bereziki 5.000 biztanletik beherako udalerrietan

Tokiko hautetsi karguaren estatutua

Printzipio demokratikoaren arabera, herritarrek hautatutako ordezkari politikoei esleitzen zaizkie erakunde horiek zuzentzeko, erabakiak hartzeko eta kontrolatzeko eginkizunak. Hala ere, erantzukizun handia ematen zaien arren, urria izan da tokiko kargudunaren estatutuaren erregulazioa, batez ere dituen eskubideei dagokienez. Hori dela eta, EUDELek zeregin garrantzitsua izan du arau-hutsune hori betetzeko, Batzorde Betearazleak 1990, 2001 eta 2007. urteetan hartutako Akordioen bidez. Akordio horietan hainbat gomendio jaso ziren eskubide ekonomikoei, informazioa eskuratzeari, kontziliazioari, prestakuntzari eta mehatxatutako ordezkariek parte hartzeko bermeei dagokienez. EUDELen bultzada irmo horren ondoren, zenbait kasutan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean legez aitortu dituzte gomendio horiek.

Gainera, agindutako eginkizun eta erantzukizun horiek betetzen laguntzeko, EUDELek, 1998az geroztik, tokiko hautetsien prestakuntzaren eta gaikuntzaren alde egin du, eta, horretarako, iraupen luzeko ikastaro espezifikoak diseinatu ditu, tokiko agintaldien hasieran Harrera Jardunaldiak antolatu ditu edo udaleko lan politikoa garatzeko dokumentuak eta argitalpenak egin ditu.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea

2016. urtera arte, EUDELek toki-autonomiaren eta finantza-nahikotasunaren printzipioak defendatu ditu esleitutako eskumenak baliatzeko, EAEko erakunde-sistema propioa eta berezia kontuan hartuta. Alde batetik, batez ere, erakunde autonomikoekin elkarlanean aritu da legeria sektoriala osatzeko, eta, bestetik, lankidetza horren hartzaileak foru-erakundeak izan dira, udalek zerga itunduen errendimenduan duten partaidetza handitzeko eta, bereziki, finantzaketa hori baldintzarik gabe egin dadin, tokiko autonomiaren beraren berme gisa. Lankidetza hori gauzatzeko, Finantzen Lurralde Kontseiluak sortu ziren 1996an.

2016ko apirilaren 7an, Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legea onartu zuen, eta, hala, errealitate bihurtu zen udalek hogeita hamazazpi urtez partekatutako asmo hori, hau da, udal-autonomiaren funtsezko bi alderdiak (eskumenak eta finantzaketa) arautzen dituen lege integral bat izatea, eta, era berean, EAEko erakunde-arkitektura bereziaren barruan modu eraginkorrean txertatzea udalmaila.

Horrela, eskumenen esparruari dagokionez, Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua eta Tokiko Gobernuen Batzordea sortu dira, eta EUDELi dagokio haietarako ordezkariak izendatzeko proposamena egitea.

Udal-finantzaketari dagokionez, tokiko hiru ordezkariak eskubide osoz sartzen dira Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan eta Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan. Ordezkari horiek izendatzeko proposamena EUDELek egiten du.

Ekarpenei buruzko 4/2021 Legeak, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren akordioaren emaitza denak, toki-erakundeek zerga itunduetan duten partaidetzari eskaintzen dio bere V. Kapitulua, eta lurralde historikoko baliabide erabilgarrien % 39,29ko gutxieneko tokiko partaidetza-maila ezartzen du, aurreko legeen aldean jauzi kualitatiboa eginez.

EUDELek toki-autonomiaren eta finantza-nahikotasunaren printzipioak defendatu ditu esleitutako eskumenak baliatzeko, EAEko erakundesistema propioa eta berezia kontuan hartuta

Pandemia ondoko gizartearen erronkak

Azken bi urte hauetan, COVID-19k eragindako ondorio larriek baldintzatu dute EUDELen jarduera, eta bere jardueraren zati bat Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin lankidetzan aritzeko erabili behar izan du, pandemiaren ondorioak arintzeko. Horretarako, lankidetzaesparru bat ezarri da, eta honako ekintza hauek egin dira, besteak beste: babesmateriala (NBEak) banatu funtsezko udalkolektiboentzat (udaltzaingoa, etxez etxeko laguntza-zerbitzua, ehorzleak), pertsona horientzako testak eta diagnostiko-probak egin, horri buruzko kontsultak ebatzi, jardueraprotokoloak edo txertaketa-protokoloak bidali. Horrez gain, EUDELeko elkarteburuak Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordean (LABI) parte hartzen du, gainerako erakundeekin batera.

Metatutako esperientzia, baita azken bi urteetakoa ere, ezin da alde batera utzi, eta baliagarria izan behar du etorkizunean etor daitezkeen erronkei, batzuetan aurreikusi ezin direnak, aurre egiteko, baina oraina kudeatuz betiere. Horren adibide da EUDELek Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzeko hartutako konpromisoa (2021eko azaroko Batzar Orokorrak berretsia), tokiko gobernuen ekarpena Nazio Batuek bultzatutako Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuetara (GJH) egokitzeko eta bideratzeko.

Lankidetza-hitzarmen horri jarraiki, EUDELek udal-oinarri handiko 15 proiektu aukeratu ditu Euskadiko udalek Euskadiko 2030 Agendan duten parte-hartze proaktiboa eta koordinatua bideratzeko. Lehendik dauden udalerrien sareen bidez sustatzen eta garatzen dira ekimenak; horietako batzuk EUDELek koordinatzen ditu, Berdinsarea kasu, eta gainerakoak elkarlanean edo beste erakunde batzuen bultzadapean.

Proiektu horren garapenak maila anitzeko gobernantza-eredu berri baten erronkari ere helduko dio, Garapen Jasangarrirako Helburuen inguruan adostutako lehentasun-esparru bat integratu ahal izateko politika publikoetan, eta, osagarri gisa, 2022an proiektu espezifiko bat garatuko da, udal-aurrekontuak egiteko eta kontrolatzeko lanetan Garapen Jasangarrirako Helburuak txertatzeko.

EUDELen proiekturik zeharkakoenetako bat, 17 Garapen Jasangarrirako Helburuen ildotik doana, Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigiluaren (EloGE) ekimena da, Europako Kontseiluarekin lankidetzan garatua. 2017an, EUDEL Europa mailan akreditatutako lehen eskualde-plataforma izan zen Euskadiko udaletan gobernu kalitatearen eta berrikuntza demokratikoaren arloko kalitate gorenaren ziurtagiria ezartzeko. Etika publikoaren (2013an hautetsientzako Lehen Jokabide Kodea) eta udal gardentasunaren (2016an gardentasunaren aldeko Udalen Sarea) arloetan egindako lanibilbide luzetik sortu zen Euskal zigilu hori bultzatzeko motibazioa. ELoGE proiektu sendoa da, lau edizio egin dira dagoeneko eta hogei bat udalerrik hartu dute parte. Aurten bosgarren edizioa egingo da eta berritasun gisa, 5.000 biztanletik beherako udalerriak biltzen dituen proiektu pilotua jarriko da abian.