ELKARTEBURUAK
2019-2023 · Gaur egungo elkarteburua Gorka Urtaran Agirre Vitoria-Gasteizko alkatea
EUDEL, guztion batura
Lau hamarkada igaro dira Gernikako Batzar Etxean lehen biltzar hura egin zenetik, 1982ko maiatzaren 8an. Orduan eratu zen Euskadiko Udalen Elkartea, diktadura frankistaren ondoren sortutako erakundea, udal berrietako hautetsiek gidatuta eta osatuta. Gizon-emakume ausartak, konprometituak, bizilagunei zerbitzua emateko prest. La hutsetik, demokraziaren oinarriak eraikitzeko beharrezko gogoarekin eta ikuspegiarekin.
Gure printzipio eta balio komunak, egun, inoiz baino beharrezkoagoak dira. Europa gehiago eskatzen dugu. Europa da gure historia eta gure etorkizuna, aurrerapenaren eta ongizatearen gizarte-oinarria.
Gaur, atzo bezala, tokiko gobernuak ezinbesteko tresna dira politika publikoak gauzatzeko pertsonengandik hurbilen dagoen eremuan: auzoan, komunitatean.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea, 2016koa, oso mugarri garrantzitsua izan zen. Berari esker, maila anitzeko gobernantzako euskal sistemak funtziona dezan Udalek dugun funtsezko egitekoa aitortu zen, azkenik. Eskumenak eta finantziazioa, toki-autonomiaren bi osagai banaezinak dira. Horiek defendatzen jarraituko dugu, udal-kudeaketa eraginkor eta efikaza egiteko oinarrizko printzipioak baitira.
Berrogei urteotan, gure udalerriak izan dira krisietan Euskadik izandako susperraldien agertokiak. COVID-19aren pandemian, esaterako. Elkarrekin oztopo guztiak gainditu ditugu. Sakrifikatzeko gaitasuna, irmotasuna, elkartasuna, eta, batez ere, talde-lana dira gure nortasunaren ezaugarriak. Berezko nortasuna, euskal udalerri guzti-guztien artean eraikia, tokiko errealitate eta sentsibilitate desberdinek elkarrekin ehundua.
EUDEL sortu zen askotariko idiosinkrasia hori “ahots” bakar eta sendoago batean biltzeko. Gure herri eta hiri guztien onerako lan egitea oso atsegingarria da; Elkarte honetan egitea, lankidetzaren bidez, oso eraginkorra. Euskal udalgintza elkarrizketa eta akordioa izatea lortu du EUDELek.
Beste erakundeekiko aliantzak antolatzen ditu, udalerrien arteko lankidetzatik abiatuta, bai gure lurraldean, bai eta Europan ere, tokiko gobernuen gainerako elkarteekin sarea osatuta.
Osasun-larrialdian bezala, udalak suspertzeko lehenengo lerroan egongo gara. Aro berri bat hasi da, trantsizio handien aroa, gizartemailan, energiarenean eta klimarenean, edota eremu digitalean. Une erabakigarria bizi dugu tokian tokiko bultzada duten proiektu globalei ekiteko; udalek protagonismoa dute eragile esanguratsuak diren aldetik, gainerako erakundeekin batera, 2030 Agenda ezartzeko orduan.
Elkarrekin bultza dezagun Euskadiren eraldaketa, giza garapen jasangarritik: bai pertsonak zaintzen dituzten udalerrietatik, bai bizi diren ingurune naturaletik.
Historia bizi ere egiten da. Gaur garena, 28.000 zinegotzik baino gehiagok hamaika toki-agintaldien eskuz esku egindako lanaren emaitza da. 40. urteurren honetan, aitortza eta jarraipena ematen diogu honaino ekarri gaituzten pertsonen ondareari. Gure aurrekoengandik jasotako lana eskertuz. Gure ondorengoei udalerri bidezkoago, lehiakorrago eta jasangarriagoak uzteko konpromisoa hartuta. Katea ez da eten!
Gaur, atzo bezala, erronka handiak ditugu, eta erantzunak bilatzen ditugu. Tokiko ekintza inoiz baino beharrezkoagoa da; gure lankidetza, nahitaezkoa. Beti EUDELen, denok bat eginda.
1982-1987 Iñaki Oregi eta Victor Mentxakatorre, euskal udalgintzaren aitzindariak
EUDELen lehen elkarteburuak eta zuzendari nagusiak tandem ona osatzen zuten; lidergo politikoa gaikuntza profesionalarekin eta lan tekniko onarekin uztartzen zituzten. Bi profilen konbinazioa ezinbestekoa izan zen Elkartearen sorreran, eta gaur egungo EUDELen arrakastaren formula izaten jarraitzen du.
Iñaki Oregi Goenaga Soraluze-Placencia de las Armasen jaio zen 1913an, eta EUDELen lehen elkarteburua izan zen. 1934an Zaragozako Unibertsitatean Albaitaritzako lizentzia lortu ondoren, Zuiara joan zen bizitzera bere lanbidean aritzeko, eta 1983an hartu zuen erretiroa, berak 1951n sortu zuen Ganaduentzako Intseminazio Artifizialeko Arabako Zentroaren zuzendari zela. 1977an, senatari hautatu zuten Araban, eta 1978ra arte bete zuen eserleku hori.
1979an, Zuiako alkate hautatu zuten urte horretan bertan egin ziren udalhauteskunde demokratikoetan. 1983- 1987 legegintzaldirako ere berriz aukeratu zuten kargu horretarako. Aurretiazko lan gogorraren ondoren, 1981eko azaroaren 5ean, bere udalerrian, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait alkaterekin bildu zen; Elkarte bat sortzeko oinarriak ezartzea zuen helburu bilerak, bokazio europazalekoa, udalen interesak gainerako erakundeen aurrean ordezkatu eta babestuko zituena, betiere, udal-autonomiaren printzipioa eta gure erakunde-sistemaren berezitasuna aintzat hartuta; horiek izango ziren Elkartearen jarduteko ardatzak.
Iñaki Oregi Batzorde Kudeatzailearen buru izendatu zuten, EUDEL sortzea sustatzeko, eta asmo hori betetzeko behar adina kudeaketa eta lan egiteko enkargua jaso zuen.
Prozesu horren buruan, 1982ko maiatzaren 8an, Gernikako Batzarretxeak EUDEL sortzeko saioa hartu zuen, Iñaki Oregi Euskadiko Udalen Elkartearen buru zela. Hurrengo urtean, lehen Batzar Orokorrean, Zuiako alkatea formalki 1983 eta 1987 bitartean elkarteburu izateko hautatu zuten haren kideek. Udal-agintaldia amaitu ondoren, Oregi Arabako Batzar Nagusietako prokuradore hautatu zuten; kargu hori izan zuen, harik eta 1989ko otsailaren 28an Vitoria-Gasteizen zendu zen arte.
EUDEL sortu eta martxan jartzeko prozesu horretan guztian, Iñaki Oregik ondoan izan zuen une oro pertsona oso berezi bat, Víctor Mentxakatorre.
Plentzian jaio zen 1931ko apirilaren 27an, eta EUDELen lehen zuzendari kudeatzailea izan zen, 1985etik erretiroa hartu zuen arte; hala itxi zuen ibilbide profesional luzea, beti udalkudeaketari eta euskal udalgintzaren interesen babesari lotua. 2010eko uztailaren 27an zendu zen.
Kontu-hartzaile jardun zuen hainbat udaletan, besteak beste, Salamancan; udalerri horretan, Hiriaren Zilarrezko Domina eman zioten. 1976an, Gipuzkoako Foru Aldundiko kontuhartzaile aritu zen, harik eta, 1980an, Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioaren sailburuorde izendatu zuten arte. Horretan aritu zen 1985era arte, eta, urte horretan, Elkartearen zuzendari nagusi izendatu zuten.
Sailburuorde zela, Ekonomia Itunaren Negoziazio Batzordean egon zen, eta, neurri handi batean, berari zor zaio Ekonomia Itunaren 1982ko Legean toki-ogasunen erregulazioa sartzea.
Elkartearen ardura tekniko goreneko karguan egin zituen hamar urteetan, kudeatzaile ona izateaz gainera, bere bokazio europazaleagatik eta udal demokratikoekin eta euskal udalgintzaren beraren balioekin konpromiso irmo eta argia izateagatik nabarmendu zen.
1987-1989 · Elkarteburua José María Gorordo Bilbao Bilboko alkatea
1988an hau idatzi nuen: “Baliabide publikoetako 502.000 milioi pezetatik, euskal udalek % 10 baino ez dute kudeatzen, 50.000. Europako iparraldeko herrialdeetan, berriz, 100etik 50. Beraz, bide luzea dugu egiteko”. Horia izan zen EUDELen helburu nagusia ni elkarteburu izan nintzenean (1987- 1989), eta bat zetorren EAJ-PNV nire alderdiaren programarekin. Izan ere, subsidiariotasun-printzipioa funtsezkoa zen harentzat, “alderdi munizipalista” denez gero.
1988ko otsailaren 5ean Tokiko Agintarien Nazioarteko Batasunaren presidenteorde izendatu ninduten. Han ere balio horien alde jardun nuen, hitzaldi eta argitalpenetan.
Lortu al zen helburu deszentralizatzaile hura? Datuak eztabaidaezinak dira: 1984 eta 1990 artean, Eusko Jaurlaritzaren funtsak 3,56 aldiz handitu ziren, eta udalak 1,76 baino ez ziren hazi. EUDELen geundenok aldarrikatzen genuen udalek Herri- Dirubideen Euskal Kontseiluan egon behar zutela, hark erabakitzen baitu baliabideak nola banatu.
NEz genuen asmo hura guztiz bete, baina helburuak martxan jarrita zeuden, EUDELetik. Jakina denez, erakundeetan, inertziak gainditzeko erritmoak eta epeak motelak dira.
Helburu deszentralizatzailearekin batera, EUDELen estatutuak aldatu genituen, Batzorde Eragilean alderdi guztiak sartu ahal izateko. Hala, kolore bakarreko gobernutik kontsentsuzko beste batera igaro zitekeen.
1999ko irailean UDALBILTZA sortu zen, euskal nazioaren adierazpenari bultzada emateko udalgintzatik. EUDELen erakunde osagarri bihurtzeko aukera egon arren, labur iraun zuen hasierako proiektuan.
Orain, ospa ditzagun EUDELen 40 urteak. Urte askotarako!
1989-1999 · Elkarteburua José María González Zorrilla Muskizko alkatea
Demokraziak berrogei urtetik gora ditu, eta demokrazian gobernatzeak izaera oso zehatza eskatzen du: adostasunaren eta hitzaren bidez konbentzitzea, hitz egitea, adostasunetara heltzea eta gehiengoak irabaztea. Bada, EUDELen harro egon gaitezke egin dugun lanarekin: beti ekinean, baina ahalegin partekatuaren ilusioarekin.
Euskal udalgintzak bi helburu zehatz zituen: gure berezitasun politiko eta kulturala defendatzea, eta herria bakean eta askatasunean eraikitzea, bere buruaz harro, irekia eta solidarioa. 1981ean, Zuiako udalean, horren maitatua genuen Iñaki Oregi oroituaren lehendakaritzapean, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako alkate talde bat batzartu zen udalerrien elkarte bat sortzeko eta eskakizun eta behar komunei erantzuteko, abiapuntu hartuta erregimen orokorreko udalerrietatik bestelako egiten gintuen nortasun bat.
Gaur apustu haren berrogeigarren urtea ospatu dugu, eta zalantzarik gabe esan dezakegu ekintzaile haiek ez zirela erratu. Emandako lehen urratsetatik, EUDELek beti egin zuen lan euskal udalgintzaren zerbitzura: egungo beharrei erantzun die eta etorkizuneko erronka berriak planteatu ditu.
Hamarkada batetik gorako lehendakaritza gogoan, ospakizun honekin bat egin nahi dut, eta abentura handi honetan parte hartu duten pertsona guztiak zoriondu.
Ibilbide hartako oroitzapen ezabaezinak ditut, eta, oroitzapen horiekin batera, baita euskal udalgintza zerbitzatu izanaren ohorea ere.
Mila esker!
1999-2007 · Elkarteburua Karmelo Sáinz de la Maza Arrola Leioako alkatea
Zorionak euskal udalgintzari, hamarkada hauetan adorez lagundu baitu, tokian tokikotik, Euskadi berri, aske eta irekia eraldatzen eta finkatzen; Euskadi oparoagoa eta berritzaileagoa, are askotarikoagoa eta barneratzaileagoa. Gure herri eta hirien errealitateetan eta arkitektura fisiko eta sozialean eraginez. Are garrantzitsuagoa: bizitzari eta gure herrialdeko gizon eta emakumeen arteko harremanei laguntzen. Balioekin. Komunitate-senarekin.
Hau une erabakigarria da, halaber. Hain zuzen ere, hainbat gizon eta emakume gogoan hartzeko unea: alkateak eta zinegotziak, gure iraganaren aro triste batean, modu larri eta bidegabean, mehatxuak eta larderia, jazarpena, erasoak, eta, are, heriotza ere jasan zutenak. Euskal herritarrak ordezkatzeagatik, besterik ez. Haiek eta haien familiak izan dira, eta izango dira, betiko, gure askatasun-heroiak. Indar eta kemen zintzoaren adierazleak, historian errepikatu behar ez diren bidegabekeriaren eta gizatasunik ezaren gertakariak isilarazteko.
Berriz ere, errealismo baikorrez irudikatuko dugu herrialde honen etorkizuna. Beste etapa bati atea zabalduz, tokiko boteretik. Tokiko batzar eta gobernuen bidez, foru-erakundeekin, erakunde komunekin eta erabakimena duten eremu instituzional guztiekin elkarlanean eta haiekiko konpromisoz. Euskal gizartearen eragile eta ordezkariekin.
Euskadiren eta pertsonen zerbitzura diharduten gizon-emakumeak.
Zorionak, EUDEL!
2007-2011 · Elkarteburua Jokin Bildarratz Sorron Tolosako alkatea
Oso gogoan dut. 2007ko irailaren 19a zen eta, EUDELeko elkarteburu izendatuta, herritarrengandik hurbilen dagoen politika koordinatu eta bultzatzeko erantzukizuna hartu nuen. Alkate eta zinegotziek egunerokoan egiten duten politika da, auzokoekin konprometituta ari diren politikako boluntarioen lana.
Udal ardurak nituen garaitik, gertukoak duen boterean sinistu izan dut. Zerbitzu publiko eraginkor baten alde lan egiteak eskatzen duen konpromisoan. Udalak espazio demokratiko, parte-hartzaile, berritzaile eta gardenak direla sinetsita jardun dut.
Udaleko zeregin honi portaleko politika deitzea gustatzen zait, goizeko lehen orduan kalera irtetearekin batera hasten den politika. Atartean bertan topo egiten duzu zalantzak argitu nahian, laguntza eske edo ideiaren bat iradokiz datorkizun bizilagunarekin. Eta gau horretan bertan edo hurrengo egunean gaiari buruz galdetuko dizu berriro bizilagun honek, etxeko atarian. Gaur egun, portaleko politika hori bera, hurbilekoa eta harreman pertsonalean oinarritzen dena, Hezkuntzaren esparruan aplikatzen saiatzen naiz.
Udal esperientzia zoragarria izan zen, bizitzari buruzko benetako eskola. Baina urte gogorrak eta oso krudelak ere izan ziren hainbat eta hainbat zinegotzirentzat, beren ideiak defendatzeagatik jazarri, mehatxatu edo hil baitzituzten. Nire aitortzarik zintzoena horiei guztiei.
Lagun askori eskertu beharrean nago bizi izan dudan aukera, besteak beste, EUDELeko zuzendari nagusiari, Mar Zabalari. Nire esker ona adierazi nahi diet 40 urte hauetan euskal gizartearen zerbitzura lan egin duten pertsona guztiei.
Zorionak eta eskerrik asko!
2011-2015 · Elkarteburua Ibone Bengoetxea Otaolea Bilboko alkateordea
EUDEL agurgarria:
Zoriontzeko idazten dizut. Ez bakarrik 40 urte bete dituzulako. Baita ere, bete-betean bizi izan dituzulako, aukerak bilatzen, erronkak lortzen, lankidetza betean, partekatutako lanaren bitartez, nahigabe batzuekin baina poz askorekin, aurrera-atzera-aurrerako zikloetan, heldutasunera iritsi arte.
Zoriontzen zaitut, halaber, zure bizitzaren parte izan diren pertsona adina ikuspegik osatzen zaituztelako, eta denei zu osatzen utzi diezulako. Denbora honetan guztian, desberdintasunetik abiatuta integratzeko eta eraikitzeko gai izana lorpen handia da.
Atsegin handiz, elkarteburua izan nintzen, eta, hortaz, zurekin batera hazi nintzen 2011-2015 aldian. Aukera eman zenidan are gehiago hurbiltzeko euskal udalgintzara, zerbitzu publikoaren muinera.
Aitortu beharra daukat hasieran nekeza suertatu zitzaidala. Gerora Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea izan zenaren oinarriak finkatzea egokitu zitzaigun, baita zure estatutuak aldatzen hastea ere, ekarpenak egin genizkien Europako Tokiko Autonomia Gutunaren ebaluazioari eta Toki-administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko Legeari, 2012 aldean dirubilketaren jaitsiera nabarmenaren inpaktua arintzeko lan egin genuen... Udalen, foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean partekatutako gobernantza-lana, azken batean.
Maitasun eta harrotasun handiz gogoratzen ditut zuri esker izan nituen sekulako bizipenak. Horien artean, Basqueskolaren sorrera nabarmendu nahi dut, euskal emakume hautetsientzako gela propio hori. Oraindik ere beharrezkoa den espazio feminista.
Ez zaitut zoriontzen elkarteburu ohia naizen aldetik bakarrik. Batez ere, herritarra naizen aldetik zoriontzen zaitut, nabigatzeko aukera eman didazulako desberdintasunei eutsiz, berdintasunezko balioekin eta bokazio europazale argiarekin. Gaur egun, bidelagun ditut oraindik horiek guztiak.
Zorionak EUDEL eta eskerrik asko!!!
2015-2019 · Elkarteburua Imanol Landa Jauregi Getxoko alkatea
Lehenik eta behin, nire aitortza eta zorionik zintzoenak har bitzate, berrogei urte hauetan, EUDEL euskal udalgintzaren erreferentzia ukaezin bihurtzeko lan egin duten pertsona guztiek. Lerro hauek idazten dituenarena izan zen 2015-2019 legegintzaldian elkarteburu izateko lekukoa jasotzeko ohorea. Aldi bizia eta emankorra izan zen; Batzorde Eragileko nire kide onekin partekatu nuen, eta bi mugarri garrantzitsu egon ziren.
Batetik, gure aurrekoen fruituak jasoz, euskal udalgintzak azkenean lortu zuen hainbeste irrikatzen genuen erakundeen errekonozimendua, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea onetsi baitzen. Luzaroan lortu nahi izan genuen irrika hori; izan ere, legeesparru egoki batez eta segurtasun juridiko eta finantzarioz hornitzea ahalbidetu zuen. Mugarri historikoa izan zen, eta, horri esker, behin betiko itxi zen gure erkidegoaren erakunde-arkitektura.
Bestetik, ohorea izan zen guretzat udalgintzako espektro politiko osoa bildu zuen lehen EUDEL hura osatzea; zalantzarik gabe, hori da errekonozimendu-adierazpen nagusia udalgintzaren alde egiten duten sentsibilitate politiko guztien elkargunean jada eraikita dagoen erakunde batentzat.
Inflexio-puntu bat izan zen, eta EUDELi beste bultzada bat eman zion elkarrekin ekiteko etorkizuneko erronken aurrean; eta horiek lantzen ari da dagoeneko. Gizarte bidezko eta berdinzaleagoko etorkizun bat, gure nazioerrealitatetik eraikia, non udal-kudeaketa –herritarrekin eta herriarentzat– erdigunean izango den aurrerantzean ere. “Herriak ez dira egun batean egiten”, esan zuen Agirre lehendakariak, beharbada, berak ere Getxoko alkate gisa izan zuen aurretiazko esperientziatik.
Zorionak eta aurrera!