EUDEL 1982-2022

40 urte, 40 mugarri

EUDELen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldia (Vitoria-Gasteiz, 2022/04/06)

EUDELen 40 urte, 40 mugarritan ordezkatuta

Urte hauetan zehar, arian-arian lortzen joan dira aitorpen eta instituzionalizazio hori, egindako lanari esker, eta Euskadiko Toki Erakundeen Legean finkatu dira behin betiko. Horretan lagundu du, halaber, EUDELen pluraltasuna burura eramateak.

Euskadiko Udalen Elkartea 1982ko maiatzaren 8an sortu zuen, Gernikako Batzar Etxean, demokraziako lehen tokiko erakundeen oinarriak ezartzeko konpromisoa zuen alkate talde batek. Zuiako alkate eta lehen elkarteburu Iñaki Oregik alboan izan zituen hasierako ibilbide horretan Arabako (Amurrio eta Aramaio), Bizkaiko (Basauri, Gernika eta Igorre) eta Gipuzkoako (Aretxabaleta, Azkoitia eta Arrasate) ordezkariak, bai eta Nafarroakoak ere (Etxarri-Aranatz, Arantza eta Baztan).

Hasieran, 144 udalerri atxiki zitzaizkion elkarteari, eta horiek jarri zuten lehen oinarria, elkartea beraien ordezkaritzat aitortu zezaten gainerako instituzioen aurrean. Helburu komunak zituzten, eta gaur egun ere indarrean daude: tokiko autonomiaren defentsa eta udalen partaidetza eraginkorra, euskal erakundeen sisteman.

Errekonozimendu eta instituzionalizazio hori pixkanaka joan da lortzen, eta modu behin betikoan lortu zen Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean. Horretan lagundu du, era berean, EUDELen pluralismoa burura eraman izanak 2016an Elgoibarren egin zen Batzar Orokorrean. Estatutuak aldatzeko aho bateko akordioaren ondoren egin zen topaketa hartan, konpromisoa hartu zen EAEko udal gobernuetan ordezkatutako sentsibilitate politiko orok parte har zezan zuzendaritza organoetan.

Europar espiritua eta balioak EUDELen mamia dira sortu zenetik. Euskal udalerriek Europako gainerako elkarteekin aliantzan lan egiten dute EUDEL 1992an CEMRen sartu zenetik. Elkarteak lagundu zuen Tokiko Autonomiaren Europako Gutuna garatzen, eta oraindik ere parte hartzen du Europako Kontseiluak sustatutako europar proiektuetan, esate baterako, Gobernantzako Bikaintasunaren ELoGE Zigiluan.

Lau hamarkadako jarduera bizian, EUDELek demokraziako lehen udalak eraikitzen lagundu du, bai eta zerbitzu publikoak modernizatzen eta politika sozialetan eta ongizate-politiketan aurrera egiten ere. 2016ko Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeaz gainera –euskal udalgintzaren helburu historikoa izan da–, Elkarteak bere mugarri nagusietako batzuk gogoratuko ditu: tokiko kargu publikoen lehen estatutua (1990); ingurumen-kudeaketaren hasiera, Tokiko Agenda 21 direlakoen bidez (1990) eta jasangarritasunaren aldeko Udalsarea sortzea; udalerrietan euskara sustatzea eta lehen hitzarmena Euskaltzaindiarekin (2001); Demokraziaren, askatasunaren eta euskal gizartearen pluraltasunarekiko errespetuaren aldeko adierazpen zibikoa (2002); Berdinsarea, Berdintasunaren aldeko udalerrien sarea (2006); Udalhitz hitzarmena, zeinak udaletako langileen lan-baldintzak finkatzen dituen (2006); Gizarte Zerbitzuen Legea (2008), eta horren garapena, Zorroaren Dekretuaren bitartez; Puntu Lila sortzea, indarkeria matxistaren kontra (2015), edo Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan udalek parte hartzea, 2017az geroztik “hitzarekin eta botoarekin”.

EUDELen etorkizuneko ardatz estrategikoari dagokionez, azpimarratzekoa da Euskadiko 2030 Agendari egindako euskal udalerrien ekarpena, Eusko Jaurlaritzak garatutakoa eta maila anitzeko gobernantzan oinarritua. Agendan aurrera egite aldera, EUDELek laguntza ematen du tokiko 15 sustapen-proiekturekin. Halaber, elkarteak berak koordinatuko du garapen hori. Hamabost proiektuak GIHen traktoreak dira toki-mailan, eta garapen sozial eta ekonomikoaren, ingurumen-zaintzaren eta gobernantzaren arloetan lehentasunezkoak diren gaiak babesten dituzte.